Castellano | Euskera 
Non: Hasiera » Orientazio Programa » Familientzako »Haurtzaroa: kontsultak...

Orientazio Programa

Familientzako > Haurtzaroa: kontsultak...

Lau urteko seme bat daukagu, oso atsegina oro har; ondo lo egiten du, ongi jaten du, nahiko lasaia eta maitagarria da. Baina asko haserretzen den umea da, urtebete zuenetik kasketak hartzen ditu edozein tontakeriagatik. Adibidez: euria denean eta botarik ipini gura ez duenean, edo bere laguntxo bati agur egin behar diogunean, etab.). Kasketa hauek minutu batzuk irauten dute, baina negarrez eta oihuka hasten da, haserrealdi hori pasatu arte, eta berriro ere betiko ume maitekorra izatera pasatzen da... Umea horrela ikusteak penatu egiten gaitu, jakin badakigu berak gaizki pasatzen duela, eta guk ere bai.


Ohikoa da adin honetako umeen portaeran kasketak agertzea. Hurrengo urteetatik aurrera, besteen ikuspuntuan jartzen hasiko dira eta haserrealdiak, behar bezala tratatu badira, gutxitzen joango dira. Aholkuetako batzuk hurrengoak izan daitezke:

 

1. Norbere tenperamentua kontrolatu. Ume batek kasketa bat duenean, kontrola erabat galtzen du eta berari oihu egiteak ez du eraginik izango, alderantziz, egoera okertu egingo du. Horretarako:

 

- Haserrea era argi baina laburrean azaldu, errua bota barik edo umea etiketatzea ekiditeko ("Jon, gaiztoa zara eta amatxo haserretzen ari zara" esan beharrean "Jon, haserretzen ari naiz" esan).

 

- Ez erabili ez irainik ezta biraorik, umea ikaratzea eta urduritzea baino ez duzuelako lortuko eta, beraz, portaera berarekin jarraitzeko probabilitateak gora egingo du, erreakzio hori probokatzen baitu.

 

- Kontrolerako hitz laburrak erabili, esaterako, "bale" edo "balio du". Azalpen luzeak baino eraginkorragoak izango dira.

 

- Bere eskakizunari ez diozuela kasurik egingo era lasai eta argiz jakinarazi: "Jon, sentitzen dut baina ez dizkizut gozoki hauek erosiko".

 

- Umeak negarrez, oihuka edo ostikoz joka hasten bada, oso argi utziozue ez diozuela kasu egingo beste modu batez jokatu arte, baina ezabatu nahi duzuen portaera negatiboari buruz hitz egin gabe, izan ere, portaera hori aipatzen baduzue handiagotuko baita ("Jon, aitak ez dizu kasurik egingo lasaitu arte").

 

- Hitzaldian isiluneak sartu, hitzek eragina izan dezaten; horrek zuei lasaitzen lagunduko dizue eta berari esaten diozuena hobeto ulertzeko.

 

- Astiro hitz egin, lasaitasunez eta esaten duzuenak nahi duzuen eragina izango duelakoaren segurtasunarekin.

 

- Kasketa edo portaera desegoki batekin bukatu nahi duzuenean, ez barrerik egin, mezu kontraesankorra emango duzue eta.

 

- Egoeratik aldendu (pausu batzuk nahikoa izango dira) edo buelta eman, arreta kentzea errazteko.

 

2. Ikuspuntua ez galdu. Kasketek izugarri desgastatzen dute eta familia xahutu dezakete, baina garapeneko fase normal baten parte dira (1-6 urte), ume gehienenak dira.

 

3. Ez lotsatu. Umeen amorru erakuspena oso eragozgarria da jendearen aurrean gertatzen denean, baina egoerak ez dizue umearen antojuen aurrean amore ematera bultzatu behar. Ikusle gehienek egoera ulertzen dute eta ez zaituzte epaituko.

 

4. Ahal duzuenean, kasketak ekidin. Egoera zehatz batzuetan kasketak gehiago ematen badira (bere anai-arrebekin jolastean edo supermerkatuan), egoera hauek ahal den bakoitzean gehiago kontrolatzen saiatu (arnasketa azkarragoa eta gainazalekoa da, betondoa zimurtzen da). Haserretzen ari direla ikusten baduzue, une gorenera iritsi baino lehen lasaitzen saiatu. Beste estrategia bat jostailu zehatz batekin euren arreta bideratzen saiatzea da, edo zerbait egiten laguntzeko eskatu (supermerkatuan).

 

5. Ez amore eman. Adin hauetako umeen aurrean amore ez emateko ahal duzuen guztia egin behar duzue. Umeek ez dute somatu behar euren kasketa zaratatsua denean nahi dutena lortzen dutela. Onartzen duzuena eta onartzen ez duzuena mugatu behar duzue.

Jakin nahiko nuke nola jokatu etxeko-lanak egin edo egunero irakurtzerako orduan 8 urteko alabak beti uko egiten duenean eta eguneroko borroka bihurtzen denean. Hau da, umea nola motibatu inork behartu gabe bere kabuz egin behar duena jakin dezan?

 

Alde batetik, adin honekin garrantzitsua da ikasketa "ohitura" sortzea: eguneroko eta beharrezko ohitura bat izan dadila, egunero gutxi gora behera denbora berbera iraun dezala eta toki eta ordu berean eginda.

 

Gure laguntza ikasketarako motibaziora zuzendu behar da. Bere ikasketen aurrean interes handia azalduz eta bere etxeko-lanei garrantzi handia eskainiz lortzen da hori. Ongi egiten dituen lanak eta eguneroko lorpen txikiak kontuan hartzen diren neurrian, ahaleginean jarraitzen animatuko duzue.

 

Lan pertsonaleko denbora honek oinarrizko ahalmen batzuen heziketan eragina izateko balioko du, esaterako, arreta, iraunkortasuna, lankortasuna, ardura, txukuntasuna eta antolaketa balioak lantzeko. Ahalmen hauetariko batzuk eskolan ere garatzen dituzte baina, oinarrizkoak direnez, interesgarria da euren garapenean zuzenean ere parte hartzea.

 

Lanak eta denbora librea aurretik antolatzea garrantzitsua da, izan ere:

 

- Kontzentrazioa bultzatzen du. Egin beharreko ariketan arreta jartzea errazagoa da ariketa horretarako denbora zehatz bat baldin badago.

 

- Norberaren errendimenduaz jabetu eta esfortzuak erregulatzeko balio du.

 

- Egin beharreko ariketen pilaketak sortzen duen kezka edo angustiaz libratzeko balio du.

 

Garrantzitsua da umearekin batera ikasketa ordutegi eraginkor bat planifikatu eta diseinatzea, eta programaketa apropos bat egitearen abantailak ikustaraztea. Helburua da zuen alabak aurretiko antolaketa baten emaitza positiboak ikustearena.

 

Ikasketa plan eraginkorra horrelakoa izango litzateke:

 

* Pertsonala: ezarri behar da ikasteko eguneko zein momentu den egokiena, normalean eskolaz kanpoko zein aktibitate egiten den zehaztuz eta atsedena eta aisiarako beharrezko denbora tarteak ere utziz.

 

* Errealista: komenigarria da lana bete ahal izateko moduan programatzea. Batez ere hasieran, lana betetzeko gai dela sentitu behar du zuen alabak, adore-gabezia, frustrazioa edo gaitzespena ager ez daitezen. Irakasgai zailenei eta etxeko-lanak egiteko ordenari arreta berezia eskaini behar zaie. Hobe da zailtasun ertainekoekin hasi eta geroago zailenetara pasatzea, errazenekin bukatzeko.

 

* Malgua: ustekabekoetarako prest dagoena, salbuespenen aurrean alda daitekeena. Behar bada, ariketa bati eskainitako denbora handitu edo murriztu beharko da ariketa horrek zuen alabarentzako suposatzen duen esfortzu eta dedikazioaren arabera,.  

 

Bi seme ditut: bata 3 urtekoa eta bestea 18 hilabetekoa. Zaharrenak haur eskolan edo ikasi zuen "tonto" hitza eta behin eta berriro esatea gustatzen zaio. Nirekin haserretzen bada, "tonto" esaten dit, eta bere anaiari gauza bera. Atzo kalean ezagun batzuekin topatu eta beraiek duten bi urteko semeari ere "tonto" deitu zion. Ez dakit nola jokatu portaera honen aurrean, denetarik frogatu dut-eta. 

Estrategiak ezagutu baino lehen, garrantzitsua da hurrengoa gogoratzea:

- 2-4 urtekin, haurrei nahi dutena egitea gustatzen zaie, baina heziketa arauak ezagutzen hasten dira. Irakatsi dizkiegun gizarte arauak gogoratzen hasten dira (haien artean, ez iraintzea), nahiz eta oraindik praktikan jartzeko gai ez izan.

- 4-5 urtekin, itxura onetaz kontzienteagoak dira (esaterako, jendea ez dela iraindu behar eta horrelakoak), helduentzat atseginak izatea gustuko dutelako. Batzuetan, gizabide onak edukitzeagatik sariak espero dituzte eta gehiegi nabarmentzen dituzte.

Kasu honetarako estrategia komenigarriak hurrengoak izan daitezke:

- "Tonto" esaten duenean, umea arreta zentroa ez bihurtu.

- Horretarako, araua jakinaraziko zaio, lasaitasunez eta haserrea azaldu gabe, baina tinkotasunarekin: "ez deitu "tonto" ume/heldu horri, ez zaio gustatzen eta zuri ere ez litzaizuke gustatuko eta".

- Hori esan eta gero, posible da umea "tonto, tonto, tonto..." esaten jarraitzea. Araua azalduta dago baina berriro errepikatuko zaio; ondoren momentu horrekin lotutako beste edozein aspekturi buruz arreta deituko zaio, esaterako, distrakzio modura: "Begiratu!! Ikusi duzu pasa den kotxea? Goazen ikustera, ziur gustatuko zaizula...".

- Distrakzio elementua erabiltzen da arau hori ikas dezan interesatzen zaigulako, "tonto" hitza bera hurrengo harremanean oinarrizko portaera bihurtu gabe. 

- Araua denboran zehar mantendu behar da, nahiz eta egun batean bat-batean berriro ere "tonto" esan arren, froga modura edo.


Urte biko umeak esnea eskatzen du goizaldean, batzuetan behin baino gehiagoetan. Eman ala ez?. Batzuetan, gosaltzen duen bitartean pailazoak ikustea ere eskatzen dit.

Kasu honetan, garrantzitsuena da gurasoek zuen seme-alabak, bere adinaren arabera, edan dezakeen esne kantitatea jakitea (pediatrarekin kontsultatu). Umeei ez diegu utzi behar momentu zehatz batean nahi duten zerbait mugarik gabe eskatzen (agian, esne gehiago eskatzen dizue pailazoak ikusten jarraitu ahal izateko). Bestalde, gosaria edo beste jatorduei beharrezko garrantzia eskaini behar zaie, eta momentu horietan gutxieneko arau batzuk errespetatu behar direla jakin, esaterako, telebista ez ikusi, ez jolastu edota ez diskutitu. Elikadura on bat ez da bakarrik umeak hartuko dituen elikagaien kantitate eta kalitatea kontrolatzea, baizik eta bazkalordua gatazka, xantai edo bestelako distrakziorik gabe disfrutatzea, momentu hauek atseginak izan daitezen saiatuz.

 

Gure alabak 15 hilabete ditu eta, oraingoz, 3 urte bete arte ez dugu eskolara eramango, nik ez baitut etxetik kanpo lan egiten. Nik euskaraz hitz egiten diot, nire senarrak gaztelaniaz eta eskola ingeles batera eramateko intentzioa daukagu. Hizkuntzekin nahastuko da?

Guraso batzuek uste dute, bigarren hizkuntza baten ikasketak (edo hirugarren hizkuntza batenak, zuen kasua bezala) umearen garapen linguistikoan freno bat edo, gehiago, atzerapen bat sor dezakeela. Noizbehinka, neskatoak bi hizkuntza horien hitzen bat nahas dezake, baina hasieran hori zerbait normala da, batez ere bi hizkuntza horiek antzeko hitzak dituztenean. Dena den, "akats" txiki hauek denborarekin desagertuz doaz.

Ikerketen arabera, oso goizetik bi hizkuntzatara esposatutako umeak, euren garunean bi izaki elebakar balituzte bezala hazten dira. Bi hizkuntza ondo orekatuta baldin badaude, haur elebidunek elebakarrekiko abantailak dituzte; izan ere, elebitasunak ondorio positiboak ditu, esaterako: abantaila kulturalak, malgutasun kognitiboa, komunikaziorako sentsibilitatea, esperientzia aberastasuna, autoetimua, lorpide ekonomikoen posibilitatea edota beste hizkuntza batzuk ikasteko erraztasun handiagoak.

Askoz hobeagoa da ikasketa goiztiarra, hau da, umeei jaiotzen direnetik bi hizkuntza hauetan hitz egitea. Horrek hizkuntzaren menperatze osoa errazten du, bigarren hizkuntza 3 urtetik aurrera irakasten hastean ez bezala. Hirugarren hizkuntzaren kasuan,  umeak garapen elebidunaren prozesu apropos bat eduki badu eta hizkuntza-estruktura hauek (gaztelania-euskara) tinkoak badira, ezagutu eta ulertzen baditu, geroago, 3 urte dituenean, eskola horretan ez du edukiko arazorik hirugarren hizkuntza horrekin (ingelera).

 

4 urteko neskato desobeditzaile batekin nola jokatu dezakegun jakin nahiko genuke. Mila esker.

Ume batek portaera jarraibide apropos bat ikastea nahi dugunean, "denboraz kanpo" teknika 4 edo 5 minutu artean erabil daiteke (ez gehiago adin honekin), hau da, gelako alde batera bidaliz zutik egon dadin eta zergatik eta noiz arte egongo den azalduz. Negar egingo du, behar bada, baina ez duzue amore eman behar.

Berak zuek eta zuek bera ikusteko moduko tokia izan daiteke, baina harremanik egon gabe. Teknika mota honek ez du, printzipioz, neskatoan hersturarik sortu behar ongi egiten baldin bada, hau da, oihu edo haserre handirik gabe eta gurasoen aldetik tinkotasun eta segurtasunarekin. Geroago beste egoeretan lagungarri izan daitekeen eta hobeto onartzen joango den frustrazio maila baten ikasketa da, batez ere.

 

Zigorrei buruz gogoratu beharreko beste jarraibide batzuk:

 

1.- Umearen portaera hobetzeko dira eta modu arrazional eta sistematikoan erabili behar dira. Ez dira gure egoera animikoan oinarritu behar, baizik eta umearen portaeran.
2.- Zigorra ez da errieta eginez edo oihukatuz aplikatu behar, horrek gure jarrera mendekaria dela adierazten duelako eta, sarritan, portaera onartezinak indartzen dituelako.
3.- Umearen partetik aitzakiak eta promesak ez onartu.
4.- Zigorra aplikatu baino lehen, umeari ohartarazpen edo seinale bat eman behar zaio.
5.- Zigor motak eta zigorra aurkezteko erak zigortutako umean erantzun emozional gogorren sustapena ekidin behar dute.  
6.- Zigorra ukapen bat denean, hasieratik eta tinkotasunez egin behar da.
7.- Zigorra errefortzu portaerekin konbinatu behar da, azken hauek umeak egoera zehatz batean portaera onargarriak bereizteko lagungarriak izan daitezke eta.
8.- Zigorra aplikatzeko ez da itxaron behar umeak portaera erasokor guztiak egitera, hasieratik egin behar da.
9.- Komenigarria da zigorraren aplikazioa denbora, energia eta helduarentzako molestia gutxirekin egitea.  

 

Nire bizkiak (2 urtekoak) seaskatik ohera pasatu nahi ditugu. Nola egin modu egokienean?

Umeen ikuspuntutik ikusita, sehaskatik ohera pasatzea aurrerapauso handi bat da. Jaio zenetik, sehaskaren segurtasunera ohitzen joan da eta, ziur aski, gustatzen zaio.

Prozesu honetan, umeekin pazientzia eduki behar da, euren ohe berrira ohitzeko denbora behar dute eta. Ez da harritu behar, esaterako, gurasoek ohean utzi eta gero berriro ere ohetik jaikitzen badira, edo gurasoen presentzia eskatzen badute; dena pixka bat ezezaguna iruditzen zaio, besterik ez.  Gurasoek egin behar duten gauza bakarra da umea oheratzea eta bere alboan une bat egotea, agian ipuin bat irakurtzen. Uneoro jarrera positiboa mantendu behar da; esaterako, jadanik gau bat bere ohe berrian pasatu duela esan diezaiokete, "ume handiak" bezala, eta gurasoek gauza hauek beste helduekin (familia-kideak edota lagunak) komentatzen dituztenean, umeak entzun ditzan ziurtatu. 

Aldaketa honetan kontuan hartu beharreko oinarrizko printzipio batzuk hurrengoak dira:

- Lekualdatzea lehentasunarekin komentatu: aldaketa zertan datzan esplikatzeak ideia horretara moldatzen joateko denbora eskainiko dio. Kasu honetan, batez ere, afarian zehar edo afaria baino lehen, garrantzitsua da ohera bere panpinekin joango dela, "ume handiak" bezala...
- "Ume handia"-ren teknika erabili, zalantzarik gabe. "Ume handiek" ohe handietan lo egiten dutela azpimarratu, honek pizgarri bezala funtzionatuko du, ume hauen antzekoak izatea gustatzen baitzaie.
- Aukera dezaten utzi: posible bada, euren ohearen dekorazioa, edredoiak, eta abarrekin lotutako erabakietan parte har dezaten utzi behar zaie. Honek euren entusiasmoa indartzen du.
- Kasu honetan prozesua jadanik hasi den arren, eta gomendio hau aplikagarria ez izan arren, aipatzea garrantzitsua iruditzen zaigu: lekualdatzea baino lehen, ohea bere logelan ipini. Ohe horretan lo egiten hasi baino egun batzuk lehenago bere logelan ipintzeak bere konfidantza handiagotuko du.
- Azkenik, gogoratu ezazue: presarik gabe. Lehendabizi, ohean siesta bakarrik egin dezan eta, geroago, gauean ere lo egiten has dadin saiatu, lehenago aipatutako laguntza txiki horiek erabiliz.


6 urteko alaba daukat, beti izan nahiko ezkorra, baina ba dira hiru bat aste umeak ez duela nahi joan ez ikastolara ez kanpoko ekintzetara; oso urduri jartzen da, eta negar batean joaten da leku guztietara; jateari ere utzi egin dio. Nola lagundu nahi nuke jakin.

 

Eskolarekiko beldurraren aurkako tratamendu hoberena eskolara joaten jarraitzea da. Beldurrak lehenbailehen aurka eginez gainditzen dira.  Egunero eskolara joateak umearen sintoma guztien hobekuntza erraztuko du. Sintomak ahulagoak bihurtuko dira eta frekuentzia gutxiagorekin emango dira eta, denborarekin, neskatxoari eskolara joatea gustatuko zaio.

 

Dena den, agian hasieran haurrak egunero eskolara joateari uko egingo dio. Gurasoek jakinarazi behar diozue eskolara joatea bete beharreko arau bat dela, eszepziorik gabe.
Gurasoak eskola egunetako goizetan tinko izan behar duzue. Hasieran, goizak zailak izango dira. Ez diozue umeari nola sentitzen den galdetu behar, izan ere, horrek kexatzera bultza dezake.

 

Umea jaikita egoteko eta etxean alde batetik bestera ibiltzeko bezain ondo badago, eskolara joateko ere badago. Sintoma fisikoetaz kexatzen bada, baina beste batzuetan azaldu dituenak badira, berehala eskolara eraman behar duzue, diskusiorik gabe.

 

Nahiz eta berandu izan, eskolara joan behar du. Eskolako autobusa galtzeko posibilitatea badago (autobusa erabiltzen badu), aldez aurretik pentsatuta egon behar da haurra nola eramango den. Bazkalorduan edo jolastorduan umea eskolatik etxera bere kabuz bueltatzen bada, berehala berriro eskolara eraman behar da.

 

Batzuetan ume batek negar eta oihu egin dezake, eskolara joateari uko eginez. Kasu honetan, berarekin beldur hauei buruz hitz egin ondoren, eskolara eraman behar dugu. Agian gai honetan ama edo aita trebeagoa da. Egoera batzuetan, agian haietariko bat gai honen arduraduna izan daiteke egun batzuetan zehar. 

 

Edozein momentutan (eskola-egun baten goiza izan ezik) alabarekin bere arazoei buruz hitz egin, molestatzen zaiona adieraz dezan, galdetu zer den eskolan gertatu dakioken okerrena. Aldatu daitekeen egoeraren bat badago, ahal duzuen guztia egingo duzuela jakinarazi. Umeari arretaz entzun ondoren, bere sentimenduak ulertzen dituzuela jakinarazi, baina hobetzen doan heinean eskolara joaten jarraitu behar duela esan.

 

Eskolatik kanpo, batzuetan, eskolarekiko beldurra duten umeek nahiago izaten dute gurasoekin egotea, etxean jolastea, bere logelan bakarrik egotea, telebista ikustea... Askok ezin dute etxetik kanpo lagun baten etxean gaua igaro. Haur hauek bere lagunekin gehiago jolasteko estimulua behar dute.

 

Azken hau umearen konpainiaz disfrutatzen duten gurasoentzat zaila izan daiteke, baina epe luzera jokabide hoberena da. Beharrezkoa da zuen alaba talde ekintzetan parte hartzera bultzatzea (esaterako: etxean festa bat egin gelako lagunekin). Gainera, komenigarria da umea bere lagunen etxeetara maiztasun gehiagorekin bidaltzea.

 

 igo